Gontzal Fontaneda. 8 de septiembre de 2021
https://www.berria.eus/paperekoa/1888/020/001/2021-09-08/iruna-veleia-auzitegietan.htm
Eiseo Gilek, Iruña-Veleiako epaiketan zigortuta, babes eskeko helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, benetako babes judizialerako eskubidea urratu zaiolako, erruduna den frogarik ezta grafitoak faltsuak diren frogarik ere ez da aurkeztu eta. Gainera, epaitegiak ez du aurkikuntzen zaintza gauzatu, beti salatariaren esku egotea baimenduz.
Instrukzioa
2012. urtean instrukzioko epaileak txosten bat eskatu zion IPCE Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari. Hogeita hemeretzi zeramika eman zitzaizkion aztertzeko. Dokumentatuta dago lehenago ere zeramika horietatik zortzi beste bi laborategiren esku egon zirela. Aurkikuntzak zaintzen ez zituenez, epaitegiak ez zuen irregulartasunik antzeman IPCEri emandako zeramiketan, haietako zortzi lehen ere beste laborategi batzuek erabilita, eta horregatik baliozkoak ez zirela.
2013. urtean IPCEk bere txostena aurkeztu zuen, eta grafito gehienak «garaikideak» (faltsuak) zirela esan zuen. Txostenaren kalitate zientifikorik ezaren adibide bat 15920 zenbakiko piezaren analisia da. Lehenik, grafitoa «garaikidetzat» jotzen du, baina gero ezetza «badaitekeela» dio, eta azkenean, pieza horretan «ziurgabetasunak» dituela aitortzen du:
«Grafito garaikidea. Antzemandako arazoak: altzairu herdoilgaitzezko partikulak testuaren trazaduran.
… Badaiteke identifikatutako altzairu herdoilgaitzezko partikulak garbiketa-prozesuan sartu izana, haien konposizioa bisturien orriekin bat datorrelako.
… piezak dituen ziurgabetasunak direla eta, interesgarria izan daiteke oraindik dauden zarakarrak modu kontrolatuan kentzea, horien azpian testurik dagoen ala ez argi eta garbi egiaztatzeko».
«Aukera» hori eta «ziurgabetasun» horiek gorabehera, bere horretan jarraitzen du «garaikidetzat» jotzen. Epaileak onartu egin zuen horren txosten fidagaitza, eta gainera zarakarrak kentzeko proposamena arbuiatu zuen, Eliseo Gil aspaldidanik eskatzen ari dena.
2012an instrukzioko epaileak txosten bat eskatu zion ESCRBC Kultur Ondasunak Zaintzeko eta Zaharberritzeko Goi Eskolari, eta azterketa egiteko dokumentazioa eman zitzaion.
2015ean bere txostena aurkeztu zuen. Baina ESCRBCk zioena desitxuratu zuen instrukzioko epaileak 2017an eman zuen autoan honelaxe aipatuz:
«[Azterketaren] egileek ezin dute grafitoen benetakotasuna baliozkotu» [eta kito!].
Horrela idatzita badirudi ESCRBCri grafitoak ez zitzaizkiola benetakoak iruditzen, baina txostenak ez zioen hori:
«Azterlan honen egileek ezin dute Iruña-Veleiako grafitoen benetakotasuna baliozkotu aurreko epigrafean (Ikerketa zabaltzeko proposamenak) proposatutako probak egin gabe».
Besteak beste, «ildoen edukiaren azterketa» eta «perituen indusketa» proposatzen zituen, Eliseo Gilen betiereko eskaerak. Epaileak, esaldia moztuz, erabat aldatu zuen ESCRBCren hitzen zentzua. Eta, Eslokak ere froga batzuk egitea proposatzen zuen arren, epaileak berriro arbuiatu zuen proposamena.
Epaiketa
2020an, epaiketan, aurkikuntzak dauden museoko bi zaharberritzailek testigantza hauxe eman zuten:
«Gure zerbitzuan Iruñako zeramikak zeuzkaten kutxa batzuk sartu ziren garbitzen aritzeko, eta garbitzen hasi ginen. Hogei kutxa inguru zeuden lehenengo grafitoa agertu zen arte, mokoan zerbait zuen hegazti bat. Grafitoren bat agertuz gero museoari berri emateko esana ziguten, eta horixe egin genuen. Piezak eraman egin zituzten. Ez ditugu berriro ikusi, ez garbituak ez garbitu gabeak» [entzundakoaren laburpena].
Hala ere, epaiketaren epaiak ez ditu lekukotasun horiek aipatu ere egiten, eta kutxa horiek eskatzea arbuiatzen du, agian zeramikak aztarnategitik zikin atera ziren bezalaxe edukiko dituzten arren.
Bestalde, epaiak «manipulatutzat» jotzen dituen hogeita hamahiru piezetatik zazpi bi laborategiren esku egon ziren aurretik, aurkikuntzen zaintza judizialik ezagatik.
Hori gutxi balitz, pieza «manipulatu» horien artean 15920 zenbakikoa bera agertzen da, IPCEri berari zalantzak eta «ziurgabetasunak» eragiten zizkiona eta esku hartzea proposatzen zuena. Epaiak hauxe dio:
«Pieza horietako hogeita hamahiru Eliseo Gilek manipulatu zituen, edo berak bitarteko batzuen bitartez.
… nahiz eta grafito garaikideak [Eliseo Gilek] bere eskuz egitea behar bezala frogatu ez dela uste dudan,…».
Epaiak, Eliseo Gil kondenatzen duen arren, kontrakoa adierazten du; izan ere, ageriko kontraesana planteatzen du: Eliseo Gilek berak ez zuela egin adierazten du, ez delako «behar bezala frogatu», eta ez zuela «bitarteko» batzuen bidez ere egin, halakorik existitzen ez delako: hamaika urteko prozesuan ez da «bitartekorik» identifikatu, bilatu ere ez da egin eta.
Helegitea
Eliseo Gilek epai horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Araba Herrialdeko Entzutegian. 2021ean Entzutegiak epaia eman zuen. Epaiketaren «egitate frogatuak» onartzen ditu; ez du hauteman ere aurkikuntzen zaintzarik izan ez zela, nahiz eta zeramika batzuk lehenago bi laborategiren esku egon ziren. Aitzitik; piezak, erakunde judizial batean egon beharrean, beti Arabako Foru Aldundiaren museo batean alde salatariaren esku egotea onartzen du. Are gehiago, Entzutegiaren epaiak egoera hori defendatzen du, baina ez froga eta argudio sendoez, iritzi pertsonal hutsaz baizik:
«Ezer ez zukeen pozgarriagoa izango kereila-jartzaileak [Aldundiak] benetakotasun hori baieztatzea baino, Iruña-Veleiako aztarnategia herrialdearentzako erakarpen-gune bikain bihurtuko baitzukeen».
Egiazko bizitzan kereila aurkezten duten guztiek irabazteko asmoz egiten dute. Balizko benetakotasunaz atsegintzeko, «kereila jartzaileak» lagin batzuk laborategi aditu batzuetara eramango zituen, zientziaren bitartez grafitoei data jartzeko (beste kasu guztietan egiten denez). Aitzitik, ez bat eta ez bi, grafitoei faltsuak izatea leporatu eta Epaitegia nahastea erabaki zuen.
Galdera
Eta Botere Judiziala ez al da ezertaz ohartu?
https://www.berria.eus/paperekoa/1888/020/001/2021-09-08/iruna-veleia-auzitegietan.htm