PIDEN EN EL PARLAMENTO QUE IRUÑA-VELEIA SE ACLARE “A TRAVÉS DE LA CIENCIA”
Iruña-Veleia Martxan taldeko kideek galdegin dute piezei proba gehiago egin diezaieten eta kultur ondare izenda ditzaten laguntzeko
Iruña-Veleia auzia zientziaren bitartez argitzeko eskaera Eusko Legebiltzarrera eraman du Iruña-Veleia Martxan taldeak. Jose Mari Lejardi Gabixola eta Patxi Alaña ordezkariak Kultura batzordean izan ziren, atzo, eta bi eskaera zehatz egin zieten bertan ordezkaritza duten alderdi politikoei: aztarnategiko aurkikuntzei proba gehiago egiteko, batetik, eta laborategiek benetakotasuna berresten duten grafitoak ondare izendatzeko, bestetik. «Hau ez da epaiketa edo ideologia kontua; epaiketa bakarra laborategietan eman behar da», adierazi dute.
Eskakizun horiei helduta ekin zioten iazko uztailaren 23an gose greba mugagabeari taldeko bi kideek. Bost lagunek hasi zuten, baina Lejardi bera izan zen 99 egunez modu jarraituan eutsi zion bakarra. Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin bildu ziren orduan Voxekin izan ezik, eta bilkura haietan jasotako iritzi eta konpromisoen ondorioz egin dute legebiltzarreko agerraldia. «Denak ados ziren orduan hau zientziak erabaki behar duela; inork ez zuen ukatu», azaldu du Lejardik.
Hori horrela, ordezkari politikoei galdegin diete orduan emandako hitza betetzeko, eta Eusko Jaurlaritzak aztarnategia bera nahiz grafitoak kultur ondare izenda ditzan laguntzeko. Legez besteko proposamen bat onartzeko eskatu diete horretarako. Horrez gain, Arabako Aldundia aztarnategirako prestatzen ari den proiektu berria babesteko ere eskatu diote. Lejardiren arabera, aztertu ez diren piezak gorde eta aztertzeko asmoa adierazi baitzien Ana del Val Kultura diputatuak. Iragarpen hari esker erabaki zuen protesta etetea, bada.
Piezak «babestu»
Bi ordezkariek salatu dute, halaber, piezak faltsuak direla berresteko epaiketan erabilitako txostenak «hutsune gehiegi» dituela, eta, eskatu dute bestelako adituen iritziak ere aintzat hartzeko. Izan ere, Alañak azaldu duenez, grafitoak benetakoak direla berresten duten «hogei txosten baino gehiago» daude. Hala ere, zalantza pizten duten grafitoak «Europako laborategi onenetara» eramateko eskatu dute, eta hori egin artean, orain arte topatu diren pieza guztiak babesteko.
«Ez genuke hemen egon beharko. Hau ez da gure ardura, denona baizik», esan du Lejardik. Eta erantsi du eskariak jasotzen dituen manifestuak dozenaka lagunen atxikimendua duela: «Iruña-Veleia bizirik dago oraindik haiei esker».
Foto portada: Iruña-Veleia Martxan taldeko kideak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eusko_Jaurlaritzari_ondare_eskaera (Carta solicitando proteger el yacimiento y los hallazgos derivados de las excavaciones) EUSKERA