Iruña-Veleian (Billodas-Tresponde-Iruña Oka, Araba, Euskal Herria), 2005 eta 2006 urteetako indusketetan ehunka zeramika zati (adreilu, hezur eta beira ere bai) aurkitu ziren inskripzio eta marrazkiekin, arkeologoek erromatarren garaiko geruzetan datatu zituztenak. Eliseo Gil Zubillaga eta Idoia Filloy Nievaren zuzendaritzapean zegoen ikerketa-taldea Arabako erromatarkuntza aztertzen ari zen 80ko hamarkada ezkero, 1994an hasi zituztelarik Iruña-Veleiako indusketak. 2002an eurek sortutako Lurmen S.L. enpresak kolaborazio-kontratu bat sinatu zuen Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Saileko EuskoTren elkarte publikoarekin. Iruña-Veleiako lanek hamar urteko epean sortzen zituzten gastuak estaltzen zituen konbenioak.

Harrigarriak dira benetan piezetan agertzen diren idazkiak eta marrazkiak. Batzuk multzo handietan agertu ziren, bakarka beste batzuek, aztarnategiko hogei bat leku diferentetan. Tematika zabala ageri dute, gai judu-kristauetatik hasi eta gauza eskatologiko eta profanoetaraino. Latina da gehien azaltzen den hizkuntza (bulgarizazio maila aurreratuan, itxura batera), baina euskara zaharrak ere presentzia handia du (50 bat piezetan irakur daiteke); zenbait adituren ustez hitz zeltikoak ere badaude. Egiptoar jatorriko sinboloen presentzia ere oso deigarria da; gainera badira antzinako Egiptora garamatzaten faraoien, jainkoen eta lekuen izenak ere.

Aurkikuntza harrigarri hauek eztabaida bizia eragin zuten hasiera-hasieratik, 2006an lehen multzoa aurkeztu zen egun beretik. Filtrazioak ere berehala hasi ziren, eta hori dela eta euskarazko ostrakak ere agertu zirela jakinarazi behar izan zutenean, eztabaida ikaragarri areagotu zen Interneten zein bestelako hedabideetan. Polemikak gailurra jo zuen Arabako Foru Aldundiaren (erakunde honek du aztarnategiaren eskumena eta berea da Iruña-Veleiako lurren parte bat) 2008/444 Foru Agindua plazaratu zenean, ad hoc sortutako Batzorde Zientifiko Laguntzailearen txostenetan oinarritzen zena. Modu horretan erabaki zen aurkikuntzak faltsuak zirela, hau da, inskripzio egin berriak zirela, eta iruzur garbiaren aurrean geundela. Baina txosten berriak egin ziren gero, ondorio arras ezberdinetara helduko zirenak, hau da, grafitoak benetakoak direla.

    Aviso sobre Cookies en WordPress por Real Cookie Banner